XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...); halaber ezaguna da azido desoxirribonukleikoa, DNA, kromosomak eratzen dituen oinarrizko gaia eta berak duen egitura espaziala, espiralean bilduriko helize bikunaren irudi ezaguna.

Gai berean sakonduz, dagoeneko ezagutzen dugu kromosoma horiek osatzen dituzten nukleotidoen konposaketa kimikoa, hauek sekuentzia berezi batean nola eratzen diren eta beraien funtzionamendua nolakoa den; nola, informazio kode baten bidez, biziaren eraikuntza materiala osatuko duten proteina desberdinak sintetizatzeko gai diren eta nola bikunketaren bidez zelula berriak eratzen dituzten edo eta hozi-zelulen bidez bizidun berriak sorterazten dituzten.

Kromosoma barnean proteina bat sintetizatzeko informazioa daraman DNA zatiari gene deritzogu eta informazio horren zeinutegiari gene-kodea.

Hauekin batera bada funtsezkoa gertatzen den nozio bat, biziak hartzen dituen forma ezberdin guztiak bateratzen dituena.

Biokimikan eta genetikan eginiko aurkikuntzek erakusten digutenez, bizitza eta bere herentzia eraendu eta gidatzen dituzten molekulen konposaketa, egitura eta funtzionamendua, unibertsalak dira, hau da, berdinak dira, funtsean, bizidun guztientzat.

Honen ondorio bezala, munduan garen bizidun guztiak, birusak, bakteriak, landareak, animaliak, gizasemea barne, jatorri berdinekoak garela aitortu behar.

Badu nozio honek genetika-lanerako ondorio ikusgarririk; hauen artean, edozein bizitza-motatan eginiko azterketetan lorturiko informazioa, beste guztietarako probetxagarria gertatzea edo bizidun-mota batzuk sintetizatzen dituzten gaiak, gainontzekoentzako baliagarriak izatea, garrantzi handikoak izan daitezke oraingo honetan.

Genetikak, zientzi bezala, une gutxitan somatu duen aurrerakuntza, ia sinestezina dugu; honen zergatiak desberdinak izan arren, zientzi alor gehienetan bezala, bi ildo nagusitatik doaz, zientzilarien jakinmina batetik eta aurrerapen hauek lortu ditzaketen ondorio ekonomikoak bestetik.